burua

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak

OSASUN SAILBURUAREN PROPAGANDA:

2026rako PROMESAK, GAUR EGUNerako MURRIZKETAK

Manifestaldia

Euskal Autonomia Erkidegoa, 2026ko urtarrilaren 11a

Gabonetan aplikatzen diren murrizketak ez dira ez puntualak ez ezohikoak. Urtez urte errepikatzen dira, baita Aste Santuan eta udaran ere, guztira bost hilabetez. Murrizketa estrukturalak dira, eta osasun-sistema publikoaren zutabe den Lehen Mailako Arreta eraisteko politika iraunkor bati erantzuten diote.

Aurten, Osasun Sailburuak "kontingentzia-plan" edo "zerbitzuen berrantolaketa" bezala izendatu dituen arren, urteroko murrizketen izenorde besterik ez dira. Aldiz, herritarrek bizi duten errealitatea ezaguna da: ordutegi-murrizketak, zentroen itxierak, medikurik gabeko txandak edo mediku egoiliarrekin artatutako txandak eta orokorrean, langileri eza, batez ere familia-medikuntzan eta pediatrian. Ondorioak argiak dira: itxaron-zerrendak handitzea, osasun-arreta murriztua eta larrialdiak kolapsatuta. Gaixotasun infekzioso akutuak gero eta gehiago ospitaleetan artatzea ez da kasualitatea, lehen mailako arretan egin beharrean. Etengabeko Arretako Puntuak (EAG) hobeto hornitzeak tentsionamendu hori saihestuko luke.

Gainbera orokortu honi, gardentasun falta kezkagarria gehitu behar zaio. Informazio urria, zehaztugabea eta eskura dauden baliabide errealak zehazten ez dituzten ehunekoetan oinarritua. Ez da kasualitatea. Murrizketen eraginei buruz azalpenak emateari utzi eta komunikabideen fokua promesa handietara, milioi askoko iragarpenetara eta LEP irrealetara bideratzeko Sailburuaren estrategia aldaketa bati erantzuten dio; zehaztapen gutxi, epe mugarik ez eta aurrekontu argirik gabe. Titular asko eta mami gutxi beraz.

Horrela, osasun publikoaren narriadura estaltzen saiatzen da, gero eta pertsona gehiago osasun pribatura bultzatuz. Gaur egun, EAEko biztanleen % 33k dauka mediku-asegurua, duela sei urte baino % 56 gehiagok. Etekin handiko negozioa da, non, ez kasualitatez, Osasun Saileko eta Osakidetzako kargudun ohiak jasotzen dituzten euren admistrazio kontseiluetan.

Osakidetzako eguneroko errealitatearekin alderatu ezkero berehala erortzen den normaltasun-kontakizun bat inposatu nahi da. Non,

  1. Azpiegiturak irtenbide gisa aurkezten dira, arazo nagusia ez direnean eraikinak, baizik eta horiei erantzuteko langile falta. Zortzi urterako 1.600 milioi euroko ustezko "inbertsio historikoa" aurkeztu dute, baina finean 220 milioi ingurukoa da urtean, azken urteetakoen oso antzekoa.

    Inbertsio horien banaketa argigarria da. 200 milioi baino ez Lehen Mailako Arretarentzat, gaixotasunean oinarritutako ospitale eredu bat sendotuz, osasunaren prebentzioaren eta sustapenaren kaltetan. Gainera, inbertsio hauen % 67a, 2028-2032 urteen bitartean burutuko dira.

    Era honetan, Gasteiz hegoaldeko auzoetarako osasun-zentro berria bezalako premiazko beharrak, gutxienez, 2031ra arte atzeratzen dira. Eskualdeen arteko ezberdintasunak larriagotzen dituen atzerapen justifikaezina.

  2. 2026rako 5.425 lanpostuko LEP bat iragarri da, eta horietatik 2.160 berriak direla ziurtatu du sailburuak. Profesional gehiago ekarriko dituela dio, egonkortasun gehiago. Ez da egia. Ustezko plaza berri horietako bat ere ez da benetakoa: 240 Onkologikoaren integrazioagatik subrogatutako langileei dagozkie. Beste 1.920 plaza koderik gabekoak dira (aspaldidanik aldi baterako langileek betetzen dituztenak, ezinbestekoak izanik ere egiturazkotzat aitortuta ez daudenak). Gainerakoak, behin-behineko langileek estaltzen dituzten plaza estrukturalak dira, baina ez berriak.

    Ondorioz, behin-behinekotasun tasak gora egiten jarraituko du, Europar Batasunak eskatzen duen % 8tik oso urrun. LEPak ebazteko geldotasunak, aplikatu den birjarpen-tasa txikiak, gaur egun erretiroa hartzen duten langileen kopuru handiak eta Osakidetzak beste 1.463 plaza kodetzeari uko egiteak, behin-behinekotasuna mantentzea dute arau eta helburu.

    Gainera, betetzen zailak diren lanpostuetarako LEParen porrota, kudeaketa txarraren adibide nabarmena da. Osakidetzak ez du jakin plaza lortu duten langileen % 45a Osakidetzan bertan mantentzen. Lan-baldintza duinik gabe, pertsona askok plaza hauek eszedentzian uztea erabaki dute.

  3. Lehen Mailako Arretan Psikologiako lanpostu batzuk sortzea ez da nahikoa, eta ez dio erantzuten egungo gizartearen premien azterketa zorrotz bati. Ez dute osasun mentaleko langileen edo pazienteen iritzirik jaso. Gainera, legeztatutako prestakuntzarik gabe sortu ziren, epaitegietan lege-errekurtsoak aurkeztea eragin duena.

    Horrez gain, osasun mentala ESIen kontrolpean jartzeko proposamena egin da, osasun mentaleko langileen artean ezinegona sortuz; baliabideak (ekonomikoak eta langileenak) ospitaleen alde gutxituko diren beldur dira, horrek arreta komunitarioa, kalitatea eta irisgarritasuna are gehiago ahulduko dituelakoan.

  4. Sailburuak azpimarratu du zentro pribatuetara bideratutako aurrekontua % 5,6koa dela, baina ez ditu kontuan hartzen beste 250 milioi zerbitzu pribatizatuetara bideratzen direla: sukaldeak, garbiketa, segurtasuna, informatika, garbitegia, osasun-garraioa, aholkularitzak... Guztira, pribatizazioa % 11ra iristen da.

  5. Eskualdekoa izango ez den ospitale bat iragarri da Tolosan, eta Asuncion klinika publiko egitea baztertu, nahiz eta aukera honek gizartearen babes handia izan. Erabaki honek sei urte atzeratuko luke behin betiko konponbidea. Plan funtzionalik eta bermerik gabe, Donostia Ospitalearen hedapen gisa jardungo lukeen eta bere zerbitzuak Gipuzkoako herritar guztiei zabalduko lizkiekeen Bereizmen Handiko Zentro baten itxura du, Tolosaldeko herritarrei erantzun beharrean.

    Konpromiso irmoak eskatzen ditugu, gainontzeko eskualdeetako ospitale publikoen pareko arreta bermatuz eta Tolosaldeak jasan duen diskriminazio historikoarekin behin betiko amaitzeko.

  6. Deigarria da sailburuak publikoki prebentzioan, osasunaren sustapenean eta gizarte-determinatzaileetan oinarritutako eredu baterantz biratzea defendatzen duen bitartean, aurrekontuek Osasun Publikoa baztertzen dutela gastu sanitario globalaren % 1,5 exkax batekin, eta Lehen Mailako Arreta % 14,2 inguruan mantentzen dutela, Europar Batasunak gomendatutako gutxieneko %25etik oso urrun.

    Porrot egin duten arren, Lehen Mailako Arretako plan estrategikoak mantendu dira, eta berriro ere aparteko orduak erabili dira itxaronaldi gehien dituzten osasun zentroak betetzeko. Formula zaharkitu eta ez eraginkor honek, arretaren iraupenerako (famili mediku bera urteetan zehar) joera ahultzen du, prekarizazioa geldiaraziko duten lan-talde eta lan-baldintza duinen aldeko apustua egin beharrean.

  7. Eraldaketa eta Osasun digitalean 100 milioi inbertitzeak kezkatzen gaitu, pazienteen datuak aseguru-etxeen eta beste enpresa pribatu batzuen esku ez geratzeko berme nahikorik ez dagoen heinean.

Azken finean, sailburu jauna, osasun publikoak ez du propagandarik behar, baizik eta egoera kezkagarri bat zuzentzen duten egitateak. Gaur egungoa, funtsean, zuk kargua hartu zenueneko egoera tamalgarri berbera da. Gelditasun honen aurrean, gizarte-mobilizazioak soilik behartu ahal izango ditu oraindik iritsi gabe dauden konponbideak.